Edukira joan

Publizitatea

GIZARTEA

Euskaraz hitz egiten duen zientzia aditu birtuala aurkeztu dute: AnHitz

Zientziari eta teknologiari buruzko galderak erantzuten ditu euskaraz, eta gai horiekin lotutako gaztelaniazko eta ingelesezko dokumentuak bilatu eta euskarara itzultzen ditu.

Berria.info   2009-01-15 - 17:11:11

Bozkatu

Emaitza 5 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Euskaraz hitz egiten duen zientzia aditu birtuala da AnHitz, eta gaur goizean aurkeztu dute, Donostian. "Pertsonak eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren euskarazko teknologiak ikertzea eta garatzea da AnHitz proiektuaren helburua", Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak azaldu duenez.

Euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtual interaktiboa da AnHitz. Erabiltzaileak egiten dizkion zientzia eta teknologiari buruzko galderak erantzuten ditu euskaraz, eta hitz bakarra edo gehiago kontsulta daitezke. Horrez gain, kontsulta horiekin zerikusia duten gaztelaniazko eta ingelesezko dokumentuak bilatu eta euskarara itzultzen ditu. AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko eta hainbat aldaera ezagutzeko.

Elkarlanean egindako egitasmoa da AnHitz. Vicomtech-IK4 eta Tecnalia-Infotech zentro teknologikoek, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak bultzatu dute ikerketa proiektua, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailen laguntzarekin.