Edukira joan

Publizitatea

MUNDUA

Funes FMLNko hautagaiak
irabazi ditu El Salvadorko presidentetzarako hauteskundeak

Hiru puntuko aldea atera dio Arena alderdi eskuindarrari. Hau egon da agintean 1989tik.

Berria.info   2009-03-16 - 12:42:54

Bozkatu

Emaitza 5 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Botoen %90,68 zenbatuta dituztela, Mauricio Funes FMLNko (Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea) hautagaiak irabazi ditu El Salvadorko presidentetzarako hauteskundeak, %51,27ko babesa lortuta -1.231.755 boto-.

1989tik Arena (Aliantza Errepublikano Nazionalista) eskubiko alderdia egon da hango gobernuan. Arenak orain %48,73 lortu du -1.170.780 boto-. Ricardo Avila izan da haren hautagaia eta honek aitortu du bozak galdu egin dituztela.

Bozetako garaileak, FMLNko hautagai Mauricio Funesek, gaur San Salvador hiriburuan milaka jarraitzaileren aurrean, esan du "irainduaren txanda" iritsi dela, eta paramilitar ultraeskuindarrek hildako Oscar Arnulfo Romero artzapezpikuaren "inspiraziopean" gobernatuko duela. Funes FMLN gerrilla ohi eta egungo alderdiko buruak ez zuen bere garaian gerrillan parte hartu.

"Orain irainduaren txanda da, orain baztertuen aukera da, orain benetako demokraten aukera da", esaldiarekin Roque Dalton El Salvadorko idazle eta iraultzailerik ospetsuenaren Irainduaren txanda liburuaren izenburuari egin dio erreferentzia Funesek. Dalton ERP Herriaren Armada Iraultzailea gerrillako kidea zen, eta 1975eko maiatzean hil zuen bere erakundeak, Armando Arteagarekin batera, CIAko eta Kubako agenteak zirela argudiatuta. Gerora errorea izan zela onartu zuen ERPk. Honek, beste gerrilla talde batzuekin FMLN osatuko zuen 1980an.

Gainera, "herri salvadortarra argitzen duen santu bati, gure apezpiku [berez artzapezpikua] martiri Oscar Arnulfo Romerori" eskaini nahi izan dio Funesek herritarren sostenguz agintera iritsi izanaren lorpena. Vatikanoa Romero santu egiteko prozesua aztertzen ari da. Buruzagi erlijiosoa 1980ko martxoaren 24an hil zuen eskuin muturreko komando batek, Roberto d'Aubuisson armadako maior eta Arena alderdiko sortzailearen aginduetara.

"Romero monsinoreak bere garaiko gizakiek gobernatzea nahi zuen moduan gobernatuko dut", azaldu du Funesek. Gogorarazi duenez, agintariei "herri salvadortarraren justizia eskaera entzuteko" eskatzen zien hark elizako pulpitutik.

Orain gobernatzeko "arma nagusiak Errepublikako Konstituzioa eta Biblia" izango ditu Funesek, "ezin delako Jesu Kristo gure jaunaren inspiraziorik gabe gidatu".

"Salvadortarren laguntzarekin -nigatik eta FMLNgatik bozkatu ez dutenak barne- gobernatuko dut, salvadortar guzien presidentea naizelako".

Bitartean FMLNko jarraitzaileek San Salvadorko kaleak hartuta dituzte, gorriz jantzita, alderdiko banderak haizatuz eta Herri batua inoiz ez da garaitua izango leloa kantatuz dabiltzala.

El Salvadorren tokia Amerikan

Amerikako herrialderik txikiena da El Salvador, eta diktadura militarrak izan dituzte 60 urtez, 12 urteko gerra izan dute, eta azken 20 urteetan, Arenak bultzatuta, politika neoliberalak jarri dituzte martxan. Orain, eskuina agintetik bidalita, eta gobernu ezkertiarra eratzeko aukera du FMLNk.

Oraingo kanpainak Arenak "komunismora eta terrorismora" jarritako alderdi gisa aurkeztu du ezkerra. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin harremanetan egotea ere leporatu dio, baita Venezuela bolivarianoarekin eta Kubarekin harreman estuak izatea ere.

Iragan urtarrilaren 18ko udal eta Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, eta lehen indar politikoa bihurtu zen FMLN. Oraingo garaipenak ezker eta zentro-ezkerreko Latinoamerikako herrialdeen artean kokatu du El Salvador, besteak beste Argentina, Brasil, Bolivia, Ekuador, Nikaragua eta Venezuelarekin batera.

4,2 milioi biztanlek eduki zuten atzoko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea, eta baleko 2.402.536 boto izan dira.