Edukira joan

Publizitatea

ATXILOKETAK

Hamar lagun atxilotu dituzte Ekinekin eta Askatasunarekin zerikusia izatea egotzita

Guardia Zibilak eraman du aurrera Ekinen aurkako sarekada, eta Espainiako Poliziak Askatasuna jomugan duena. Hamar lagunetatik bederatzi Nafarroan atxilotu dituzte. Atzeman dutenetako bat Iker Moreno da, ezker abertzaleko bozeramaile Txelui Morenoren semea. "Estatuak beldurra die hitzei", ezker abertzalearen arabera, "eta horregatik erabiltzen du indarkeria". Tasio Erkiziak eta Miren Legorburuk adierazi dute euren apustua "bururaino" eramango dutela. Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Prozesu politikoa zapuzteko ahalegina da operazioa".

Berria.info   2011-01-18 - 19:09:36

Bozkatu

Emaitza 5 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Bideoa kargatzen ari da...

Hamabi lagun atxilotu dituzte Ekinekin eta Askatasunarekin zerikusia izatea egotzita

Bart goizaldean sarekada handia egin dute Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak: hamar lagun atxilotu dituzte -bederatzi, Nafarroan-, Ekinekin eta Askatasunarekin zerikusia izatea leporatuta.

Albiste agentziek zehaztu dutenez, berez bi dira operazioak: Guardia Zibilak aurrera eramandakoak Ekin berrosatzea eragoztea luke helburu, eta sei lagun hartu dituzte atxilo, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak agindu du. Honakoak dira:

Xabier Beortegi, Iruñeko Errotxapea auzoan -AAMk baieztatua-.
Iñigo Gonzalez, Barañainen (Nafarroa) -AAMk baieztatua-.
Iker Moreno, Burlatan (Nafarroa) -AAMk baieztatua-.
Juan Patxi Arratibel, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) -AAMk baieztatua-.
Gorka Mayo, Nafarroan.
Gorka Zabala, Nafarroan -AAMk baieztatua-.

burlaterria.org webgunean Iker Morenoren atxiloketaren inguruko nondik norako zehatza eman dute. Agertu dutenez, goizeko ordubi eta erdiak pasatxo zirela joan dira 24 urteko gaztearen bila bere etxera, baina han aurkitu ez dutenez, Atarrabiako (Nafarroa) etxe batera joan dira eta han atzeman dute. Beste hiru lagunekin zegoen, eta hirurak kanpoan eduki dituzte denbora luzez beren arropak hartu ezinik. Handik Burlatara eraman dute Moreno, gurasoen etxera, eta han ere aita-amak eta anaia etxe atarian eduki dituzte oheko arropekin. Baimen judizialik eta lekukorik gabe egin dute miaketa hori. Halaber, Huarten Iker Morenoren ohiko etxebizitza eta Berdintasuna elkartea miatu dituzte.

Gurasoen etxean egindako miaketa baliatu dute Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailearen agiri asko eramateko. Salatu dutenez, Guardia Zibilak eraman dituen agirien %90 aitarenak dira, eta ez atxilo hartutako semearenak. Burlatan Guardia Zibilaren presentzia izugarria izan dela salatu dute bizilagunek: une batean, Kale Nagusian, 12 patrol eta guardia zibilez betetako autobus bat izan direla.

Espainiako Poliziaren sarekadak, berriz, Askatasuna du jomuga. Hain zuzen ere, presoen inguruko informazioa ematen duen apurtu.org webgunea martxan jarri eta kudeatzea leporatzen diete Espainiako Poliziak atxilotutako lau lagunei. Honakoak dira:

Miguel Angel Llamas, Iruñean -AAMk baieztatua-.
Edurne Sanzo Madariaga, Iruñean -AAMk baieztatua-.
Oihana Odria Montenegro, Iruñean.
Koldo Garcia Llorens, Gasteizen -AAMk baieztatua-.

Atxiloketez gain, hainbat miaketa ere egin dituzte bai Guardia Zibilak, bai Espainiako Poliziak. Atxilotuen etxeak, kasu askotan haien gurasoenak, Atarrabiako Karrikaluze ekartea, Uharteko Berdintasuna elkartea, Iruñeko Carmen kaleko herriko taberna eta Nabarreria kalean herri mugimenduek erabiltzen duten egoitza bat.

Polizia iturriek nabarmendu dute ETAk su-etena eman zuenetik egindako lehen sarekada handia dela eta oraindik zabalik jarraitzen duela.

"Estatuak apustu politikoa baldintzatu nahi du", ezker abertzalearen ustez

Ezker abertzalearen ustez, bere eta "Euskal Herriko multzo handi baten apustu politikoa baldintzatu egin nahi du" Espainiako Estatuak halako operazioekin ere. "Jazarpenarekin, errepresioarekin eta torturarekin Euskal Herrian zabaltzen ari den aro politiko berria trabatu nahi du", adierazi dute gaur Tasio Erkizia eta Miren Legorburu ezker abertzaleko kideek.

"Estatuak beldurra die hitzei", haien arabera, "eta horregatik erabiltzen du indarkeria". Erkiziak eta Legorburuk hitz eman dute "prozesu hau bururaino" eramango duela ezker abertzaleak.

Moreno: "Su-etenari erantzuna"

Atxilotu guztiak inkomunikatuta dauzkate, eta, ondorioz, haien inguruko kezka agertu dute haien hurbilekoek eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Aurrez aipatu bezala, atxilotuetako bat Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailearen semea da. Hain zuzen ere, hura atxilotu dutenean "hau da zuen demokrazia, hau da ETAren su-etenari ematen diozuen erantzuna" egin die oihu Morenok guardia zibilei.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Prozesu politikoa zapuzteko ahalegina"

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere testuinguru horretan kokatu du gaurko sarekada, eta "Euskal Herrian abian den prozesu politikoa zapuzteko" ahalegina dela salatu du ohar baten bidez.

Bestalde, Ertzaintzak beste lagun bat atxilotu du Gipuzkoan, kale erasoekin zerikusia izatea leporatuta. Zabaldu dutenez, berriki egindako ADN froga batzuen ondorio da atxiloketa hori.