Edukira joan

Publizitatea

ATXILOKETAK

Gernikako Akordioak manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako, Espainiaren jokabidea salatzeko

Iruñean izango da martxa, 17:30ean hasita. Bihar arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan. "ETAren su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriaren ondoren Estatuak ere urratsak egin behar ditu. Euskal herritarron aurkako sarekada honek Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoa oztopatzea eta galaraztea du helburu". Larunbatean bertan Donostian Kursaalean egitekoa zen ekitaldia atzeratu egin du.

Berria.info   2011-01-19 - 20:10:56

Bozkatu

Emaitza 5 izar
  • Inprimatzeko bertsioa
  • Albistea postaz bidali
  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Espainiako Estatuaren jokabidea salatuko dute larunbat honetan Iruñean, manifestazio nazional batean, Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta. Gaur eman dute deialdiaren berri, Nafarroako hiriburuan bertan egindako prentsaurrekoan. Han izan dira, besteak beste, ezker abertzalea (Txelui Moreno, Marine Pueyo), Aralar (Txentxo Jimenez), EA (Pello Urizar, Maiorga Ramirez), Alternatiba (Oskar Matute) eta LAB (Ainhoa Etxaide). Etxaidek berak eta Xabier Barberrek (ESK) hitz egin dute.

17:30ean hasiko da manifestazioa, Golem zinema aretoen aurretik, Bake bidea, aterabide demokratikoak orain, atxiloketa gehiagorik lelopean.

Ondorioz, larunbatean bertan Donostian Kursaalean egitekoa zen ekitaldia atzeratu egin dute. "Ahalik eta lasterren jakinaraziko dugu noiz egingo dugun".

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak atzo Ekinekoak eta Askatasunekoak direlakoan atzemandako hamar lagunak "berehala" askatzeko eskatu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta Espainiari dei egin diote aurrera daraman "dinamika bortitza" bertan behera uzteko (atxiloketak, jazarpenak, epaiketak, epaiak...).

"Nafarroako hainbat esparrutako jarduera politiko ezagunean aritzen diren herritarrak bortizki atxilo hartu eta etxetik eraman dituzte. Berriro arrazoi politiko hutsei erantzuten dien jazarpenaren ondorio larriak nozitu dituzte", esan du Etxaidek. "ETAk urtarrilaren 10ean ezagutarazitako su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriaren ondoren, Estatuak ere urratsak egin behar ditu, Euskal Herria bake eta normalizazio politikorantz egiten ari den bidean oztopoak jarri beharrean. Are gehiago: gure ustez, euskal herritarron aurkako sarekada honek Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoa oztopatzea eta galaraztea du helburu".

Atzoko atxilotuen aurkako "tratu txarrik eta torturarik egon ez dadin" neurriak hartzeko eskatu diote Espainiako Estatuari eta, hala, inkomunikazioa bertan behera uzteko.

Bihar ere ekimenak

Gernikako Akordioak helburu berarekin biharko ere antolatu ditu ekimenak. Espainiako Gobernuak Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean dituen lurralde ordezkariei gutuna emango diete 12:30ean, horien egoitzara joanda.

19.30ean, berriz, hiru hiriburutan eta hainbat herritan elkarretaratzeak egingo dituzte. Bilbon, Arriaga antzokiaren atarian; Donostian, Bulebarrean; eta Iruñean, Gaztelu plazan, guztiak ere 19:30ean. Gasteizen, berriz, 20:00etan izango da elkarretaratzea, Posta plazan.