MUNDUA
Eskoziako SNP alderdiak gehiengo osoa lortu du
Eskoziako independentziarako erreferendumera deituko du Alex Salmond lehen ministroak. Galesen laboristek Plad Cymruren laguntzarik gabe osatuko dute gobernua. Liberal demokratek nabarmen egin dute behera Eskozian eta Ingalaterran.
Berria.info 2011-05-06 - 19:06:34
SNP Eskoziako independentista taldeak gehiengo osoa lortu du Eskoziako Gobernuan. 69 aulki lortu ditu Alex Salmonden alderdiak, aurreko bozetan baino 23 gehiago. Hala, lehen ministroa pozarren agertu da emaitzarekin, eta karguan jarraituko du. SNP "Eskoziako lehen alderdi nazionala" bilakatu dela adierazi du Salmondek. Laboristek, berriz, emaitza txarrak jaso dituzte, eta zazpi aulki galdu dituzte. Golpe latzena, halere, liberal demokratek jaso dute; beren beherakada nabarmena izan da, eta hamahiru aulki galdu dituzte. Gauzak hala, lau eserleku izango lituzkete soilik. Gehiengo osoa lortuta Eskoziaren independentziarako erreferendumera deituko duela agindu du Salmondek. Azken legegintzaldian gehiengo sinplearekin gobernatu du SNPk, eta Eskoziako Parlamentuak atzera bota zuen erreferenduma egiteko saiakera.
Galesen, laboristek Plaid Cymru alderdi nazionalistaren laguntzarik gabe gobernua antolatzeko aukera dute. Galesko asanbladako 60 aulkitik 30 lortu dituzte -azken bozetan baino lau gehiago-, eta nazionalistek, berriz, 11 eskuratu dituzte -azken bozetan baino 4 gutxiago-. Bigarren indarra izatetik, hirugarrena izatera igaro da Plaid Cymru, kontserbadoreen atzetik.
Irlanda iparraldean goizean hasi dira zenbaketarekin, eta oraindik ez dute hasierako emaitzen berririk eman. Aurreikuspenen arabera DUP-en eta Sinn Feinnen artean izango da lehia. Parte hartzea txikia izan da, eta bozkatzeko aukera zuten erdiek eman dute botoa soilik.
Udal hauteskundek ere izan dira. Ingalaterran alderdi liberal demokratak -kontserbadoreekin koalizioan dago Erresuma Batuko Gobernuan- kolpe latza jaso du eta oso emaitza txarrak jaso ditu, beti ere lehen emaitzen arabera. Nick Cleggen alderdiaren jaitsiera laboristek profitatu dute.





