EKONOMIA
Greziako Parlamentuak onartu du gobernuaren murrizketa eta pribatizazio plana, 78.000 milioi eurokoa
300 diputatuetatik 155ek bozkatu dute alde. Papandreu lehen ministroak babes hori beharrezkoa zuen Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren 12.000 milioi euroko laguntza jasotzeko. Istilu larriak izaten izan dira Greziako Parlamentuaren atarian; protestagileek sarrera oztopatu dute goizean, eta berandu hasi da saioa. Goizean zehar negarra eragiteko gasa bota du Poliziak. Bideoa: Atenasko irudiak.
Berria.info 2011-06-29 - 17:54:47
Greziako Parlamentuak onartu egin du gobernuak aurkeztutako 2012-2015 plana. Hain zuzen, ontzat jo dutena gobernuaren murrizketa (28.000 milioi euro) eta pribatizazio (50.000 milioi euro) plana izan da. 300 diputatuetatik 155ek egin dute alde. Hiru eguneko eztabaidaren ostean eman dute botoa legebiltzarkideek.
Gobernuak Parlamentuaren babesa beharrezkoa zuen Greziak Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren diru laguntza jasotzeko. Iazko erreskate planaren bosgarren zatia ordainduko diote —12.000 milioi eurokoa—, eta bigarren erreskate plana jaso ahal izango du. Diru hori gabe, uztaileko pentsioak eta funtzionarioen soldatak ordaintzeko dirurik ez luke izango estatuak.
Giorgos Papandreu lehen ministroaren alderdi PASOK, gehiengo osoa du Parlamentuan —155 diputatu—, baina egun hauetan alderdian ez da batasunik izan murrizketa planaren inguruan. Hala ere, 155 parlamentari haietatik 154k bozkatu dute alde. Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak iragarri zuen kontra bozkatuko zuela; haietako batek, ordea, ez du alderdiaren irizpidea bete.
Papandreuren arabera, "aldaketaren bide gogorraren eta hondamendiaren artean hautatu" behar zuten
"Aldaketaren bide gogorraren eta hondamendiaren artean hautatu behar da", esan du Papandreuk bozketaren aurretik. "Dirurik ez bagenu ordainketak egiteko, osasun sistema eta eskolak bukatuko genituzke, eta pentsioak %80an murriztuko lirateke. Ez dugu herrialdea erortzen utzi behar. Akatsak zuzendu behar ditugu, elkarren arteko ekimekin. Ez dugu gobernuari konfiantza botoa emateko eskatzen; Grezia desberdin baten eta itxaropenaren aldeko botoa eskatzen dugu". Ozta-ozta irabazi du gero bozketa gobrnuak.
"Gure oraina eta geroa izorratu digute"
Parlamentu kanpoan istilu larriak izan dira manifestari eta Poliziaren artean. "Ez gaude inorekin zorretan, ez dugu salduko eta ez dugu ordainduko", oihukatu dute protestaren egileek. "Gazteria ez dago haserretuta, amorratuta baizik. Gure oraina eta geroa izorratu digute", esan du Artemis Moscholia 28 urteko langileak.
Murrizketa planaren aurkakoak Syntagma enparantzan elkartu dira, eta goizean parlamentarien sarrera oztopatu dute. Gaurko saioa ordu erdi berandu hasi da. Poliziak Legebiltzarraren ingurua hartu du.





