SANFERMINAK
Sanferminetan elkarretaratzea egin dute, bi sexu eraso salatzeko
Peñen federazioak deituta, elkarretaratzea egin dute 19:00etan Iruñeko Udaletxeko plazan. Andreak elkarteak baieztatu egin du atzo goizean 16 urteko emakumezko bat bortxatu zutela. Espainiako Poliziak dio 22 urteko emakumezko batek salaketa jarri duela bart sexu erasoa egin diotelako, eta erasotzailearen bila ari dira.
Berria.info 2011-07-11 - 20:45:19
Andreak elkarteak baieztatu egin du atzo goizaldean Iruñean 16 urteko emakumezko bat bortxatu zutela, sanferminetan. Emakumezkoa erietxean artatu zuten, eta oraindik ez du salaketarik jarri. Andreak Fiskaltzari ikerketa hasteko eskatu dio.
Eraso hori salatzeko, Gora Iruñeak deituta kontzentrazioa egin dute gaur 19:00etan, Iruñeko Udaletxeko plazan, eta Andreak elkarteak eta Iruñeko Peñen federazioak bat egin dute deialdiarekin. Nabarreria.com atariaren arabera, Eraso sexistarik ez! lelopean biltzera deitu du Andreak elkarteak.
Beste salaketa bat
Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, gainera, 22 urteko emakumezko batek salaketa jarri du gaur goizean, bart Iruñeko Alde Zaharrean sexu erasoa jasan duelako. 05:45ean izan da erasoa, salaketaren arabera. Emakumezkoak salaketa jarri du berehala. 30 eta 35 urte bitartean ditu ustezko erasotzaileak, eta Polizia haren bila ari da.
Erasoaren berri gehiagorik ez da oraingoz. Gogoratu behar da, iaz bezala aurten ere Bilgune Feminista eta Peñen federazioa jai parekideen aldeko kanpaina egiten ari direla sanferminetan. Uztailak 7, San Fermin eguna, Lila Eguna izan zen, genero indarkeriaren kontra protesta egiteko.
Sanferminetan sexu erasoak salatzeko 699-68 76 87 telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura.





