GIZARTEA
Bilboko Aste Nagusian, azken orduetan, hiru eraso homofobo izan direla salatu dute
Horietako bat bart goizaldean jai eremuan gertatu dela nabarmendu dute Bilboko Konpartsek. Erasoen kontrako jarrera adierazteko, 18:00etan elkarretaratzea egin dute Arriagan, eta gauerdian ordu laurdenez itxi egingo dituzte txosnak.
Berria.info 2011-08-27 - 19:02:46
Azken 24 orduetan Bilboko Aste Nagusian hiru eraso homofobo izan direla salatu du EHGAM sexu askapenerako mugimenduak. Horietatik azkena bart goizaldean bertan gertatu dela zehaztu du Bilboko Konpartsak elkarteak, eta, gainera, jai eremuan izan dela. Agidanez, gizonezko bati eraso egin diote haren sexu jokabideagatik, eta erietxe batean artatu behar izan dute egin dizkioten zauriengatik.
Hori guztia dela eta, 18:00etan elkarretaratzea egin dute Arriaga antzokiaren atarian, eraso horiek eta, oro har, homofobia salatzeko, Bilboko Konpartsek antolatuta. Gauerdian, berriz, ordu laurdenez itxi egingo dituzte txosnak, eta burrunba egingo dute lapikoekin.





