GIZARTEA
Behin betiko gelditu dute Berangoko Kukullaga Goikoa baserriaren desjabetzea
Bizkaiko EHNEk eta Berangoko Udalak mailegu emailearekin akordio bat lortu dute, eta baserriko bikoteak bertan jarraituko du bizitzen. Bideoa: desjabetzea behin-behinean geratu zutenekoa.
Berria.info 2011-10-10 - 16:34:57
Berangoko Kukullaga Goikoa baserriaren desjabetzea
Berangoko Kukullaga Goikoa baserrian bizi den bikoteak bertan segituko du bizitzen, ez delako izango desjabetzerik. Bizkaiko EHNEk eta Berangoko Udalak mailegu emailearekin akordio bat lortu dute eta, ondorioz, behin betiko gelditu dute desjabetzea.
Irailaren 27an ziren desjabetzea egitekoak, baina orduan jakin zen hamabost egunez atzeratu zutela bizilagunen kanporatzea. Epaitegiak hartu zuen erabakia, baserritarretako bat ohean oso gaixorik zegoela aintzat hartuta, eta baserrian ganadua dagoela eta hori desjabetu eta kanporatzeko prozedura ez zela behar bezala jarraitu kontuan hartuta.
Kukullaga Goikoako baserritarrak 25.900 euroko zor bategatik etxea galtzear izan dira. Hori gerta ez zedin hainbat herritar mobilizatu egin dira azken asteetan.





