GIZARTEA
Bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute ustez sei hondeamakina lapurtu dituen gizon batentzat
2009an egin zituen ustezko lapurretak; Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Langraiz Okan (Araba), besteak beste. 2.813 euro eskatzen dizkio kaltetutako enpresa batek.
Berria.info 2012-02-06 - 11:47:54
Bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak ustez sei hondeamakina lapurtu dituen gizonezko batentzat. Horrekin batera, hondeamakinen enpresa batek 2.813 euro eskatzen dizkio, eragindako kalteengatik.
2009ko maiatzan izan zen ustezko lehen lapurreta, Oiartzunen (Gipuzkoa). Langraiz Okan (Araba) ere lapurreta egitea egozten diote. Gainerako hondeamakinak Espainian lapurtu zituen, eta ustez Burgosko Valle de Mena herrian alokatuta zuen lokal batean gordetzen zituen horietako batzuk. 2009ko ekainaren 10ean atzeman zuten ustezko lapurra.





