GENERO INDARKERIA
Bi gizonezko atxilotu dituzte Donostian eta Bilbon, genero indarkeria leporatuta
Donostian atxilotutakoa 38 urteko gizona da, eta bikotekide ohia mehatxatzea egozten zaio. Bilbokoa, berriz, 36 urteko gizonezkoa da, eta haren emazteak salatu du zortzi urtez jo duela.
Berria.info 2012-02-06 - 16:00:16
Bi gizonezko atxilotu dituzte Donostian eta Bilbon, genero indarkeria leporatuta. Donostian 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, ustez bere bikotekide ohia hiltzearekin mehatxatzeagatik, eta haren etxebizitzaren atean kalteak eragiteagatik. Bilbon, berriz, 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiralean, bere emaztea zortzi urtez jo duelakoan.
Donostian ustez erasotutako emakumezkoak larrialdi zerbitzuei eman zien abisua atzo gauean, bere bikotekidea etxeko atean kolpeak ematen ari zela esanez. Atxilotuak aurrekariak ditu, eta gaur arratsaldean eramango dute epailearen aurrera.
Bilbon ustez erasotua izan den emakumezkoaren bertsioaren arabera, erasoak euren ezkontzatik hona gertatu dira, emakumearen lau haurdunaldietan barne. Haurrak jaio ondotik ere jo duela azaldu du emakumezkoak; 3 eta 7 urte artean dituzte bikotearen seme-alabek.
2006an salaketa jarri zuen emakumezkoak, baina gero kendu egin zuen, ustezko erasotzaileak hiltzearekin mehatxatu zuelako. Poliziak jakinarazi du seme-alabek zauriak dituztela; hala nola, atzamarkadak, hozkadak eta ubelduak. Zaurien inguruan galdetu zaienean aitak egindakoak direla aitortu diote Poliziari.





