ZINEMA
Alberto Iglesias: "Ez da une txarra Oscarretako ametsa egia bihurtzeko"
Donostiarra musika onenaren saria jasotzeko izendatuen artean dago. Bihar izango da ekitaldia, Los Angelesen.
Berria.info 2012-02-25 - 11:57:23
Alberto Iglesias musikagilea (Donostia, 56 urte) Lon Angelesen (AEB) dago, bihar Oscar sarietako ekitaldian izateko, musika onenaren saria jasotzeko izendatuen artean baitago Tinker Taylor Soldier Spy filmako lanagatik, eta amets egiten duela aitortu du. "Esan didate oso zaila dela irabaztea, baina hona iristen zara eta nahi gabe pentsatzen duzu: 'Eta, gertatuko balitz?'. Ez da une txarra ametsa egia bihurtzeko", adierazi du Iglesiasek gaur.
Kategoria berean hautagaien artean daude John Williams (The Adventures of Tintin eta War Horse lanetako musikagatik), Ludovic Bource (The Artist) eta Howard Shore (Hugo). "Lan onak dira, baina nirea ere ez da txarra", esan du euskal musikagileak.
Hirugarren aldiz dago izendatuen artean hura. Aurreko izendapenak The Constant Gardener eta The Kite Runner filmetan egindako lanarengatik jaso zituen, 2006an eta 2008an hurrenez hurren. Kasu bietan Oscar saririk gabe geratu zen azkenean. Aitortu du gustuen aurten dagoela, "lanik errazenetekoa izan delako". "Filmako istorioa bera ez dut azpimarratu eta, apika, horregatik izendatu naute".
Hugo pelikulak Oscar sarietako 11 izendapen jaso ditu; hark jaso du izendapen gehien. 84. aldia da aurtengoa.





